rené vidal : harrabots gordeka
« Ce sont des notes de montagnes
jetées d’écho en écho pour retentir
du bord d’un torrent au bord opposé »
(Chateaubriand)
Noizbehinka René Vidal zerurat igaiten da. Behereko munduarenganik urruntzen da, eta horrela egoiten da mendi kaskoetan, burua hodeietan, oihartzunez oihartun jaurtiki mendi noten harrapatzeko.
Gero, luzaz geroago, goratasunaren mozkor eta zoramenak uzten dutelarik, biziaren ohikeriak bere eskubideak berreskuratzen dituelarik eta oroitzapenak ahanztean erortzear direnean, berriz abiatzen da, bakarti, denbora galduaren bila.
Orduan, kontzientea eta inkontzientearen artean, oraino egin berriak diren oroimenaren aztarnetan ezarten ditu bere oinak, erabiltzen dituen helduleku bakarrak, itzultzeko bidearen aurkitzeko harrixka xuriak bezala artoski bildu dituen bere mendiko notak dituelarik. Horrela, bere burua uzten du lerratzera, alpinisten rapel modura, bere tailerraren pareta zorabiagarrietarik beheiti.
Lilura eten ez dadin, Renék belar izpiak, erro puskak, xori lumatxak, zuhaitz azalak in situ biltzeko arta izan du : gai baliotsuak, ximenki hautatuak duten indar xarmagarriarendako, mendiari ebatsiak, Prometeok Olinpoko sua ebatsi zuen bezala. Jabetze keinu hori, oroitzapenei betiko bizia eta gaztetasuna emateko, odola eta izerdia ken lezakeen Faust doktore baten parekoa da. Duen helburu bakarra, goiko usain eta gustu doi bat ekartzea da behereko mundua bizkortzeko. Baina horretarako, berez iragankorrak diren mendiko inpresioak nolazpait gorde behar dira. Beraz, Renék erlikia kutxak egiten ditu, dena bolumen eta kolore, ardietsi grazia baten oroitzapena berpizteko gai direnak. Baina lilura alaitik haratago, iparra galdu eta denbora geldiarazi zezaketen haize-orratz motako eskultura horiek, saindu estatuek daukaten hieratismo horretan, sakratuaren inpresioa atxikitzen dute. Gudari garaileek jainkoei eskaintzen zizkieten trofeoak, edo berantago beilatokietan aurkituko ziren ex-voto eta otoiztegiak oroitarazten dutelakotz, dudarik gabe. Halaber, René Vidal, gailurren lilurak beregan dituen beldur eta sorginkerien eraginen haizatzeko mota ainitzeko higoak sortzen dituen mendiko beilari hori da.
Renék mendia berregiten du bere modura. Bere minak, bozkarioak eta ametsak ezartzen ditu, bere historio propioak hor kokatzen ditu. Analogiaren bidez lan egiten duenez, kutsadura, dirdira edo zeharraldaketaren bidez, bere kameleoi itxurako obrak behar bada hermetikoa dirudi, mitologia pertsonal batean oinarritzen baita, baina aldi berean ezaguna egiten da kultura unibertsalari lotua baita. Lau haizetar idekia, egoera guziei iragazkor, elkartze eta ahaidetasun guziei idekia, belaki bat bezala irensten ditu. Bereganatzeko eta destilatzeko gai da estetika pertsonal berezi baten arabera.
Zilueta zauli eta emetik haratago, eskultura bakoitza urratsez urrats, mailaz maila agertzen zaio ikusleari, tximineak, morroilak, mendi zirkuak edo amildegiengana hurbil dadin haien ezagutzeko, eskalada oroitarazten duen gora doan mugimendu batean. Azkene an, jektu hibrido bat agertzen da, barroko poesiaduna gehienbat, eta harendako natura eta artifizioa, sentimendua eta adimendua, barne borroka batean ari dira. Zenbait elementu, landu gabeak, garratzak eta mendizorrotz harkaiztsuen antzeko monolitoak, pentsamenduaren itzuli mitzulien bideak jarraitzea nahiago dituzten konplexuagoko eta labirintikkoagoko bertze batzuren aurka kontrajarzten dira. Indarren oreka ariketa hori, konposaketa biziki grafikoan egiten da, dilindan bezala. Grabitatearen legeak desafiatuz, sokaren gainean ari den dantzariaren ausardia eta zehaztasunarekin, René Vidal erroitzen bazterretan ibiltzera ausartzen da soilik natura desafiatzeko. Horrela, makulutako baliatzen dituen burdin eta plomu hari zenbaiti esker, zeruan nabari den mendi lerroa jaurtikitzen du espaziora.
Bertze konposaketa etzan batzurendako, errutaula baten ateak bezala zabaltzen direnak edo Marcel Duchampen maleta bezala idekitsen direnak, Renék bere kutxak, sorpresaz beteak, zati ezberdinetan bereizten ditu. Entomologo ezin hobea denez, bere emozioak sailkatzen ditu, erregistro batzutan zatikatzen ditu, tirantetan gordetzen ditu, familako segeretuak balira bezala. Baina beti erlikia baten modura inguratzen du delituaren froga : ihesaldi bakoitzetik ekarri duen harri-lekukoa, absurdoaren mediozko froga. Honek bere ametsak egiaztatzen ditu eta bere inguruan antolatzen da den guzia, pixka bat harri filosofalak egiten duen bezla, inguruan duena urre bilakarazten du.
Joseph Beuys-ek aholkatu zuen bezala : “Gizakiak berrik harrmanetan izan behar du behar du bera baino apalagoko gauzekin, abere, landare eta naturarekin alde batetik, eta bertzetik goragokoekin, hala nola aingeru eta izpirituekin”. Betiko elur helgaitztasuna eta lurraren arrunkeriaren arteko loturak, René Vidalen instalazioak, biziaren egiazkotasunenganik, eta ondorioz artearenganik moztua ez den espazio poetiko batean bidaian dabiltza. Maiz erreboteka dabiltza, hitz, idea edo irudi asoziaketak sortzen baitituzte, eta Gaudiren zeramika koloretsuak, Louise Nevelsonen zur margotuak, Joseph Cornellen “shadow boxes” –ak... edo Antzabergo andere gazte picassotiarrak berrinterpretatzen dituzte. Literaltasun gutiagorekin aipatzeko, Errealismo berriaren “eskua” ikus daiteke metaketa eta berreskuratu gauzez egin nahas-mahas horretan, eta sari bezala, Arman eskultoreak uka ez lezazkeen cafe filtro zahar, sorgin filtroen erabilketan. Edo, beren amarrugabetasuna komunikarazteko ahala duten eskultura horietan atxematen dena, Niki de Saint-Phalle-ren estetika eldarniatua eta dantzaria da. Azkenik, “artea ibiltzean egiteko” manera horrek eta naturaren gainean “eskuhartze eztia” egiteko printzipioak Richard Long gogorazten dute. Honek berak hauxe zion : “mendiak, galeriak bezala, bakoitza bere erara, azken muturreko tokiak dira, neutroak, konfusio gabeak; toki onak dira lanean aritzeko. ”
Baina kontzeptutik urrunago, René Vidalek materiari zentzua ematen dion artista lana aurkezten du. Eskalapoinak egiteko erabiltzen den zura, haien ahalak gordeak erabiltzen dakien ekai ezberdinak, ongi egin lana, esku lan artetsuki eta arrazoinamenduarekin egina maite ditu. Eskultore bezala lan egiten du lehenik, mendiari biziaren koloreak emateko.
1916an, marcel Duchampek obra bat enigma moduan eskaintzen zuen. Zordailo harilko lodi batez osatua zen, eta berak bakarrik ezagutzen zuen zerbait ezarri zuen haren barnean, kuttun gisako zerbait, mugitzen zena inarrosten zelarik. À bruit secret zuen itulua. René Vidalen eskulturak erregistro horretan berean kokatzen dira, ready-made poetizatu horietan -Duchampek “lagunduak” erraten zuen- eta jestu berdinean arrunta eta sublimoa, intimoa eta unibertsala, egunerokoa eta misterioa deitzen dituzte haiengana.
dominique dussol
Traduit par Fermin Arkotxa.